XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Batasunaren helburuak itun honetako xedapenen arabera lortuko dira, ezarritako baldintzen eta egutegiaren arabera, eta, Europako Erkidegoa eratzeko Ituneko 5. artikuluan zehaztutako moduan, subsidiariotasun-printzipioari men eginez.

3. artikulua (lehengo C artikulua)

Batasunak bere helburuak lortzeko burututako ekintzen koherentzia eta jarraitasuna bermatuko duen instituzio-esparru bakarra edukiko du, Erkidegoaren altxorra begirunez hartu eta garatuz.

Batasunak, bereziki, atzerri-ekintza osotasunean hartuta koherentea izateko ardura hartuko du, atzerri-harremanetan, segurtasunean, ekonomian eta garapenean berak dauzkan politiken barruan.

Kontseiluak eta Batzordeak izango dute koherentzia hori bermatzeko erantzukizuna, eta, helburu horretarako, lankidetzan ariko dira. Bakoitzak bere eskumenen arabera, politika horiek betetzeko neurriak hartuko ditu.

4. artikulua (lehengo D artikulua)

Kontseilu Europarrak emango dizkio Batasunari behar dituen bultzadak, garapena lor dezan, baita haren norabide politiko orokorrak zehaztuko ere.

Kontseilu Europarra Batasuneko estatuetako edo gobernuetako buruek eta Batzordeko lehendakariak osatuko dute.

Batasuneko estatuetako Atzerri-ministroek eta Batzordeko kide batek lagunduko diete haiei.

Kontseilu Europarra urtean gutxienez bi aldiz bilduko da, Kontseiluko burutzan diharduen Batasuneko estatuko edo gobernuko buruaren lehendakaritzapean.

Kontseilu Europarrak txosten bat aurkeztu behar dio Europako Parlamentuari bilera bakoitzaren ostean, baita urtero txosten idatzi bat ere Batasunak egindako aurrerapenen berri emanez.

5. artikulua (lehengo E artikulua)

Europako Parlamentuak, Kontseiluak, Batzordeak, Justizia Auzitegiak eta Kontuen Auzitegiak dauzkaten eskumenak, Europako Erkidegoak eratzeko itunetako eta itunok aldatu edo osatu dituzten ondorengo itun eta egintzetako xedapenetan eta itun honetako gainerako xedapenetan aurreikusitako baldintzetan eta helburuetarako erabiliko dituzte.